ENTZUNALDI AKTIBOAK
“Eskala” irakaslea musika maite duen musikagile bat da, baina ez da ondo konpontzen bere ikasleekin, Musikortxea Eskolako haurrekin hain zuzen. Badu alaba bat, Marina, jaiotzez itsua dena, eguna instrumentuak jotzen eta jolasten ematen duena, bere abestiak konposatu nahian. Egun batean, etxean lapur bat sartu zitzaien. Kasualitatez, Eskala irakaslearen ikasle izana zena. Non zegoen konturatzean, musikarekin zerikusia zuen guztia suntsitu nahi izan zuen, baina… hantxe zegoen Marina, eta hark ulertarazi zion musika sentipen bizietatik sortzen dela, eta suntsiezina dela. Lapurrak ulertu zuen bere marrazkiak musika bezalakoak zirela, eta Eskala irakaslearekin adiskidetu zen, eta haren konposizioei irudiak jartzen lagundu zion.
Hertzio zientzialari eta ikertzaile famatua da, eta laborategi bereko zientzialaria den bere Dezibelia maitearekin ezkondu nahi du. Ezkontzeko eskatzeko, ordenagailu ultramoderno bat asmatuko du, eta ordenagailu horrekin Dezibeliarentzako melodia berezi bat konposatuko du. Baina… erakustaldiaren egunean, Dezibelia haserretu egingo zaio, melodia horrek ez duelako soinuaren nolakotasunetako bat ere: altuera, intentsitatea, iraupena eta tinbrea. Esango dio ezen, melodia horrek baldintza horiek bete arte, ez duela berataz ezer ere jakin nahi izango. Laborategiko beste zientzialariek nolakotasun horiek azalduko dituzte, adibideekin. Azalpen horiei esker, Hertziok lortuko du bere ordenagailuan beharrezko datuak sartzea, eta azkenik ordenagailutik partitura bat irtengo da, eta harekin Dezibelliari ezkontzeko eskatuko dio berriro.
Pedro Musikortxea sukaldari famatu eta sari ugariren irabazlea da. Haien artean “Kortxea Mitxelin” asko irabazi ditu eta baita “Master Chef” telesailaren lehen saria ere. Hala ere, aurten inoiz irabazi ez duen saria lortu nahi izango du, “Munduko Jatetxerik Hoberenarentzako Urrezko Kortxea” hain zuzen ere. Horretarako ideia bat bururatu zaio, musika formetan inspiratutako platerez osaturiko menua aurkeztuko du lehiaketara. Bere lankideei laguntza eske joango da eta kondizio bakarra jarriko die: musika forma batean inspiratutako platerak egin beharko dituztela bere jatetxean. Laguntzaile traketsak atera zaizkio eta etsita ematen du eguna bere menua sortu ahal izateko. Irabazi ahal izango du “Urrezko Kortxea”?
Oso narratzaile «berezi» batek aurkeztutako instrumentuen desfile handi bat izango da. Denboraldi honetan «eramango diren» instrumentuek desfilatuko dute pasarela dotore baten gainean. Desfile horretatik, pasarelako erregina aukeratuko da, ikus-entzuleen txaloen bolumena neurtzen duen «txalometro» baten bidez. Nork irabaziko du saria?
Zirkuan egongo gara eta aurkezleak artista eta zenbaki ezberdinak aurkeztuko ditu, bandaren laguntzarekin. “Joselontxo” zirkuko artista izan nahi duen pailazo-musikaria izango da eta uneoro bere abileziak erakusten saiatuko da irudimena eta ikusle gazteek (eta ez horren gazteek) beti harrapatuko duten tranpatxoren bat ere erabilita.