ZER DIRA?

1995az geroztik, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak hiriko ikastetxeetako haurrentzat, 6 urtetik 10 urte bitartekoentzat, kontzertuak eskaintzen ditu bere egoitza nagusian.

Kontzertu horiei, Entzunaldi Aktiboak deritzegu. Musika eta antzerki ikuskizun didaktikoak dira. Emanaldi horien bitartez, musika kontzeptuak azaltzen dira, zuzenean interpretatutako adibideen laguntzaz eta antzezpenaren euskarriarekin.

Helburu nagusia gazteenen artean musikaren zaletasuna piztea eta instrumentu jarduna sustatzea da, adin horietako haurrekin modu atsegin eta parte hartzailean lan egitera ohitutako musikarien eskutik, instrumentuak ezagutzeko aukera emanda.

“Egun bat zirkuan” emanaldian zirku bat antzeztuko da, artista izan nahi duen pailazo bat protagonista duena. “Marina, lapurra eta Eskalaren notak” emanaldian, aldiz, irakasle batek bere alaba itsuari kanpai batzuk oparituko dizkio eta musika gorrotatzen duen lapurra liluratzea lortuko dute. “Instrumentuen pasarela” entzunaldian haize eta perkusiozko instrumentuak erakusteko instrumentuen desfile bat antolatuko da, pasarela eta guzti! “Hertzio eta Dezibeliaren maitasun istorioa” kontzertuan, ordea, istorio erromantiko bat biziko da, soinuaren nolakotasunen kontura. Azkenik, “Musikortxea jatetxean” chef bat “Urrezko Kortxea” saria irabazten saiatuko da lankide trakets batzuen laguntzaz.

Lanak dinamikoak izan daitezen ahalegintzen dira irakasleak: erritmoa emanez, ikus-entzunezko bitartekoak erabiliz eta baita baliabide teatralagoak erabiliz ere. Ikusleen parte hartzea ezinbestekoa da eta horretarako edukiak era dibertigarriago eta grafikoago batean lantzen dira. Haurrei hurbilak eta entzun errazak egiten zaizkien obrak erabiltzen dira, telesail zein filmeetatik eratorriak direnak eta baita Eskolako irakasleen konposizio propioko piezak ere.

Kontzertuak eskolako areto nagusian egin ohi dira, ikasturteko ostiral guztietan eta 55 bat minutu irauten dute, “Egun bat zirkuan” entzunaldia salbu, txikienentzat denez 40 minutu irauten du.

Ikusleek proposatutako ariketa eta jokoetan parte hartuko dute eskema erritmikoak errepikatuz, melodiak abestuz, taldearekin batera musika pieza batzuk interpretatuz eta, kontzertu bakoitzaren amaieran, baita banda zuzenduz ere.

ENTZUNALDI AKTIBOAK

MARINA, LAPURRA ETA ESKALAREN NOTAK

HERTZIO ETA DEZIBELIAREN MAITASUN ISTORIOA

MUSIKORTXEA JATETXEA

INSTRUMENTUEN PASARELA

EGUN BAT ZIRKUAN

MARINA, LAPURRA ETA ESKALAREN NOTAK

HERTZIO ETA DEZIBELIAREN MAITASUN ISTORIOA

MUSIKORTXEA JATETXEA

INSTRUMENTUEN PASARELA

EGUN BAT ZIRKUAN